Etiketak: ‘WRC’

Loeb munduko txapeldun Japonian?

Asteazkena, Iraila 8th, 2010 | Urkok idatzia

Aste honetako Japoniako WRC rallyan Sebastien Loeb zazpigarren aldiz jarraian munduko txapelduna izan daiteke. Hori gertatzeko ordea Loeb-ek proba irabazi beharko luke eta Citroen talde ofizialera itzuliko den Sebastien Ogier gutxienez seigarren izan. Ez dirudi ordea Loeb asko saiatuko denik garaipena lortzen. Japoniako lasterketa WRC txapelketarako puntuagarria izan zen azken aldiz 2008. urtean eta frantziarrak ez du bertan irabazten 2006. urtetik. Beraz esan liteke Japoniako lasterketa ez duela atsegin eta kontuan izaten badugu lau lasterketa falta direnean 58 puntuko abantaila duela ez du alferrikako arriskurik hartuko. Gainera kontuan izan behar dugu hurrengo rallya Frantziakoa dela eta Loeb-en etxean bukatuko dela. Ziur frantziarrak nahiago duela etxekoen aurrean munduko txapelketa irabaztea.

Beraz, nor izan daiteke faboritoa? Latvala eta Hirvonen denboraldia konpontzen saiatuko dira baina Sebastien Ogier talde ofizialera itzuli da eta kontuan izan behar dugu denboraldi honetan Ford autoak ez  direla ongi ibili garaiera altuetan egin diren lasterketetan. Japoniako rallyaren egoitza Sapporo hirian ezarri zuten 2008. urtean eta garaiera altuan dauden mendi bideetan ibiliko dira. Urte sasoi honetan euria eta hezetasuna nagusi izaten dira Japonian eta horrek eragina izaten du lasterketako tramu desberdinetan. Kotxeak pasatzen diren lehenengo aldian bideak gogorrak egoten dira baina hurrengo sasoitan lurra asko biguntzen da eta lokatza agertzen da. Sebastien Loeb talde ofizialean izanik faborito nagusia izan daiteke baina ezin ditugu ahaztu Petter Solberg Norvegiarra edo Matthew Wilson gaztea. Ingelesak 2007. urtean laugarren amaitu zuen Japoniako proban eta aurtengoan ere emaitza bikaina lortu dezake.

Berriz ere Loeb garaile Alemanian

Astelehena, Abuztua 23rd, 2010 | Urkok idatzia

Sebastien Loeb frantziarrak zortzigarren aldiz Alemaniako rallya irabazi du eta errekor berri bat lortu du aldi berean. Beste inork ez bai du lortu inoiz WRC rally berdina horren beste edizioetan irabaztea. Frantziarrak Alemanian bere karrerako 59 lasterketa irabazi du eta bere zazpigarren munduko txapelketa oso bideratua du, orain sailkapen orokorrean 58 puntuko abantaila bai du Sebastien Ogier gaztearekiko. Citroen taldeak denboraldia amaitu bitartean asfalto gaineko rallyetan Ogier Junior taldera bidali eta Sordo talde ofizialean jardutea erabaki du eta Alemaniako lasterketaren emaitza kontuan izaten badugu erabaki zuzena dela dirudi podiuma bereganatu bai du Citroen taldeak.

(gehiago…)

Alemaniako WRC rallya 2010

Asteazkena, Abuztua 18th, 2010 | Urkok idatzia

Hiru asteko atsedenaren ondoren WRC txapelketa hemen da berriz eta aste honetan Alemaniako lasterketaren txanda izango da. Proba hau denboraldi honetan asfalto gainean egingo den bigarrena izango da eta faborito nagusia Sebastien Loeb da. Alemaniako lasterketa WRC mailarako puntuagarria izan da 2002. urtetik eta frantziarra izan da irabazle edizio guztietan. Lasterketa honek ordea badu berezitasun deigarri bat. Berez asfalto gaineko proba bat dela esaten da baina euria egiten badu errepideak asko lokazten dira eta horrek pilotuen lana konplikatzen du. Matxura edo istripu bat ez bada gertatzen aste honetako rallyko podiumera hiru Citroen igoko direla dirudi.

(gehiago…)

Mini WRC txapelketan

Igandea, Abuztua 8th, 2010 | Urkok idatzia

01697

Zurrumurru ugariren ondoren azkenean iritsi da Mini etxeak datorren denboraldian WRC txapelketan talde ofiziala izango duenaren baieztapen ofiziala. Itzulera honetarako udazkenean kalean izango den Countryman bertsioa aukeratu dute eta hasiera batean esan dutenaren arabera 2011. denboraldian ez dute proba guztietan parte hartuko. Lehenik eta behin kotxea lasterketa baldintzetan nola mugitzen den ikusi nahi dute eta 2012. urtean denboraldi osoa egingo omen dute. WRC Mini-a S2000 baldintzen arabera eraikiko dute eta 1.6 litroko BMW motorra erabiliko du. BMW etxeak esan duenez beraien asmoa denbora luzean munduko rally txapelketan lehiatzea da eta lehen garaipenak 2012. urtean bertan lortzea nahi dute, edo gutxienez garaipenaren borrokan sartuta ibiltzea.

Mini talde ofizialaz gain beste marka batzuek egiten duten bezala talde pribatuei kotxeak saltzeko prest agertu dira eta esan dutenaren arabera eskaerak onartzen hasteko prest omen daude. Urtea amaitu baino lehenago rallyetako lehenengo Miniak ikusteko moduan izango garela dirudi.

Latvala garaile etxean

Asteazkena, Abuztua 4th, 2010 | Urkok idatzia

Finlandiako rallyan faborito nagusiak etxeko gidariak izaten dira eta aurtengoan ez da salbuespena izan Ford taldeko Jari-Matti Latvalak izan bai da garailea baina hori bai, azken metroraino borrokatu behar izan du. Finlandiarraren areriorik gogorrena Citroen etxeko Ogier gaztea izan da eta bien artean soilik hamar segundoko aldea egon da. Frantziarra denboraldi honetan lehenengo aldiz gidari ofiziala izan da eta emaitza ikusita argi dago erabaki zuzena hartu duela talde frantziarrak. Hogeita sei segundoko atzerapenarekin podiumeko hirugarren lekura Sebastien Loeb igo da. Munduko txapeldunak lasterketa hasi aurretik esan zuen irabazten saiatuko zela baina ez zuela alferrikako arriskurik hartuko eta horrela izan da. Sailkapen nagusian abantaila handia du eta probako hirugarren postua oso ona izan daiteke denboraldia amaitzen denean.

(gehiago…)

Finlandiako WRC rallya

Asteartea, Uztaila 27th, 2010 | Urkok idatzia

WRC (World Rally Car) txapelketa amaitzeko sei lasterketa falta direnean txapelduna erabakita dagoela dirudi eta hori emozioaren kalterako da. Asteburu honetan Finlandiako rallyak bere 60. edizioa ospatuko du eta hori dela eta antolatzaileek zenbait berrikuntza egin dituzte ikuskizuna hobetu nahian. Ostegunean hasiko den lasterketa larunbat gauean amaitzeko zenbait aldaketa egin dituzte ibilbidean. Hala ere, ezusteko handiena lau aldiz munduko txapeldun izan den Juha Kankkunen gidari finlandiarrak parte hartuko duela da Ford Focus RS pribatu batekin. Nahiz eta zortzi urte pasa diren bere azken partaidetzatik Kankkunen-ek lehenengo hamarren barruan amaitu nahi du eta batez ere Raikkonen gainditu nahi du. Beraz, morboa eta interesa lortu dutela dirudi eta larunbat gauean jakingo du nor den garailea. Hori bai, rallyrako faborito nagusia Hirvonen dela esan beharko genuke finlandiarra etxean bai dago eta 2009. urtean bera izan zelako irabazlea.

Asteburu honetan Ford etxeko gidariak dira faboritoak baina Sebastien Loeb ezin dugu ahaztu. Citroen etxeko lehenengo gidariak munduko txapelketan abantaila handia du, 51 puntu Sebastien Ogier gazteari, eta ez duela alferrikako arriskurik hartuko esan du 2008. urtean irabazi bai zuen. Hala ere, argi utzi du aukera badu irabazten saiatuko dela. Irabazten saiatuko den beste bat Dani Sordo izango da ez bai du datorren urterako auto ofizialik. Kataluniarrak Bulgarian bigarren postua lortu zuen baina hori ez da nahikoa izan talde frantziarrak dagoeneko esan bai du datorren urtean bere gidari ofizialak Loeb eta Ogier izango direla. Erabaki honekin hasi dira datorren urterako pilotu mugimenduak. Ford taldeko gidariak ez dira urte ona egiten hari eta baliteke datorren urtean Sordok lekua izatea talde amerikarrean baina oraindik goiz da datorren denboraldiaz hitz egiteko. Momentuan aste honetan finlandiako rallya dugu.

Loeb errege, Citroen geldiezin Bulgarian

Astelehena, Uztaila 12th, 2010 | Urkok idatzia

Bulgariako rallyaren laburpena egin beharko bagenu Sebastien Loeb bere bidetik jarraitzen duela esan beharko genuke eta Citroen berriz geldiezina izan dela. Bulgariako lasterketa lehenengo aldiz izan da munduko txapelketarako puntuagarria baina Loebek nahi izan duenean, eta behar izan duenean, azeleragailua zanpatu eta soilik berak dakien moduan irabazi du. Marka frantziarrak berriz bere lau auto sartu ditu sailkapen orokorreko lehenengo lau postuetan. Munduko txapelketan balentria hau lortu zen azken aldia 1993. urtean izan zen eta Toyotaren eskutik. Dani Sordo bigarren postuan bukatzea lortu du baina Finlandian ez da talde ofizialeko partaidea izango eta 2.007. urteko kotxe bat erabili beharko du. Ikusi egin beharko da nola moldatuko den.

(gehiago…)

Bulgariako WRC rallya

Astelehena, Ekaina 28th, 2010 | Urkok idatzia

Munduko txapelketak bere zazpigarren proba ospatuko du asteburu honetan. Sei probaren ondoren Sebastien Loeb da liderra eta bere taldekoa ez den lehen gidariari, hau da Hirvoneni, 50 puntuko aldea ateratzen dio. Zazpi lasterketa falta dira eta Loeb bere abantaila mantentzeko gai bada ez luke arazorik izan behar munduko txapeldun izateko zazpigarren aldiz jarraian. Erabakitzeko gelditzen dira nor izango den txapeldunordea eta nor izango den Loeb-en taldekidea. Citroen taldeak orain arteko emaitzak kontuan izanik Dani Sordori Finlandiako probatik aurrera gidari ofizial izaera kendu eta Sebastien Ogier gazteari ematea erabaki du. Talde frantziarrak denboraldia hasi zenean kataluniarraren alde apustu egin zuen baina Ogier uste zutena baino hobeto moldatu da lehiaketara eta momentu honetan sailkapen nagusiko bigarrena da Loeb-ek baino 38 puntu gutxiagorekin. Gidarien txapelketa bideratua badute eta ez da gauza bera gertatzen taldekako txapelketarekin eta hori izan liteke hasiera batean Sordo Junior taldera bidaltzearen arrazoi nagusia. Hala ere, kontuan izan behar dugu datorren urterako prestakuntza ez dutela baztertu eta Sordo kendu eta bere lekuan Ogier jartzeko eskatzen hasiak dira Frantzian.

Esan beharra dugu datorren denboraldian rally munduan aldaketa handiak izango direla eta motor berriekin batera talde berriak sartuko direla aurreikusten dela. Ford etxeak Focus modeloa kendu eta Fiesta berriari emango dio aukera. Citroen taldean berriz antzerako zerbait gertatuko baina kasu honetan DS3 berriak ordezkatuko du C4 arrakastatsua. Dani Sordok datorren urtean talde indartsu batean lekua izan nahi badu gogor lan egin beharko du gelditzen diren lasterketetan eta bere lehengo aukera asteburu honetan izango du. Bulgariako rallya lehenengo aldiz izango da WRC txapelketarako puntuagarria eta hori dela eta gidari guztiak izango dute beraien aukera. Denboraldiko asfalto gaineko lehengo lasterketa honek Bulgariako Borovets eski estazioan du bere irteera puntua eta bihurguneak eta aldapak ziurtatuak daude mendi artean.

Ogier-en lehen garaipena Portugalen

Asteartea, Ekaina 1st, 2010 | Urkok idatzia

01522

Sebastien Ogier ez da ahaztuko 2010. urteko Portugaleko rallyaz bere bizitzako lehenengo WRC (World Rally Car) proba irabazi bai du hogeita sei urterekin. Frantziarrak Junior taldean hasi du denboraldia baina kotxe ofizial bat merezi duela erakusten ari da urte guztian zehar. Bere atzetik amaitu zuen Loeb txapeldunaren oinordekoa izan daitekeela pentsatzen hasiak dira Citroen taldean. Dani Sordo kataluniarrak denboraldian lehenengo aldiz podiumera igotzea lortu du eta Citroen taldearen asteburu bikaina osatu du.

(gehiago…)

Portugaleko WRC rallya

Osteguna, Maiatza 27th, 2010 | Urkok idatzia

Munduko rally txapelketa berriz itzuli da Europara eta aste honetan Portugaleko lasterketaren txanda izango da. Zeelanda Berriko proban Latvala izan zen garaile eta txapelketa nagusian aukeraren bat izan nahi badu aste honetan irabaztea komeni zaio. Ford etxeko gidariek denboraldi honetan akats ugari egin dituzte eta Latvala ez denean Hirvonen da istripua duena edo matxura mekanikoa. Zeelanda berrian denboraldian lehen aldiz Loeb ez zen arerioen hutsez baliatzeko gai izan eta podiumeko hirugarren postuan amaitu zuen lehenengo egunean zubi estu batean iskina jo eta autoa denbora luzez gelditu beharra izan bai zuen. Hala ere, 2009. urteko edizioan bera izan zen garaile, mundialeko liderra da eta horrek faborito bihurtzen du frantziarra.

(gehiago…)

Latvala eta Ford garaile Zeelanda Berrian

Asteartea, Maiatza 11th, 2010 | Urkok idatzia

01391

Munduko rally txapelketak munduaren beste muturreraino joan behar izan du dena hankaz gora jartzeko. Denetik gertatu den proba izan da eta azken metroraino nork irabaziko zuen ez zegoen argi. Denboraldia hasi zenean Sebastien Ogier gazteak ez zuen Zeelanda Berrira joan behar baina azken tramu kronometratuan lasterketa irabazteko aukerak zituen Latvalari sei segundoko aldea ateratzen bai zion. Frantziarrak bere bizitzako lehen World Rally Car (WRC) txapelketa irabazi behar zuela zirudien baina proba amaitzeko hiru bihurgune falta zituenean tronpo bat egin eta garaipenak ihes egin zion. Latvala finlandiarrak ia ezustean asko borrokatutako garaipena lortu zuen modu horretan. Zortea beharrezkoa omen da baina esfortzurik gabe ez da ezer lortzen eta Ford etxeko gidaria azken metroraino saiatu da eta horri esker bere saria izan du. Gainera, garaipen hau munduko rally txapelketan Ford auto batek lortzen duen hirurogeita hamabosgarrena da eta orain arte Lancia taldeak hirurogeia hamalaurekin zuen errekorra gainditzeko balio dio.

(gehiago…)

Zeelanda Berriko rallya 2010

Asteazkena, Maiatza 5th, 2010 | Urkok idatzia

Munduko rally txapelketak (WRC) urteko bidaia luzeena egin du aste honetan, auto eta gidariak dagoeneko Zeelanda Berrian daude ostiralean hasiko den lasterketa prestatzen. Proba hau lehengo urtean ez zen munduko txapelketarako puntuagarria izan eta aurtengoan lehenengo mailara itzuli denean krisiak eragin dio, zeren zenbait talde pribatuk gastuak murrizteko asmoz rally honetan parte hartzeari uko egin diote. Aurkako erabakia hartu duenik ere badago, denboraldia hasi zenean Sebastien Ogier Citroen Junior taldeko gidariak ez bai zuen parte hartu behar baina bere emaitza onak ikusirik Citroenek frantziar gaztea eramatea erabaki du. Dani Sordorentzat albiste txarra aurtengo txapelketaz gain 2011. denboraldian talde frantziarrean jarraitzeko lehian bai dabil berarekin.

Zeelanda Berriko rallya iparreko irlan burutzen da eta aurtengoan lehen edizioa burutu zenetik berrogei urte pasa direla ospatzeko asmoz Auckland hiriburura joatea erabaki dute. Aldaketa hau dela eta rally honetan klasikoak izan ziren tramuak errekuperatuko dituzte antolatzaileek. Mendi artean ibiliko dira autoak eta salto eta derrapajeak izango dira nagusi. Hori bai, euria egiten badu basa nagusi izan daiteke eta orduan gidarien gaitasunak lasterketako irabazlea nor den erabaki dezake. 2008an Sebastien Loeb izan zen garailea eta aurtengoan ere bera da faborito nagusia denboraldi bikaina bai darama eta ez dirudi inork aurre egin diezaiokeenik. Hori bai, Hirvonen eta Latvala finlandiarrek Loeb lehen postutik kendu nahi dute eta ez dira munduaren beste muturreraino joan frantziarra podiumeko posiziorik altuenera nola igotzen den ikustera.

Nork menderatuko du Loeb? Turkian ere garaile

Igandea, Apirila 18th, 2010 | Urkok idatzia

01263

Turkiako rallya amaitu da eta Loebek ez badu burua galtzen munduko txapelketak (WRC) irabazlea duela dirudi. Rallyko lehenengo eguna amaitu zenean sailkapenean bosgarren postuan zegoen baina nahi duenean, eta behar duenean, azkarrago joateko gai da eta bere arerioek ezin izan dute ezer egin Loeben garaipena oztopatzeko. Aste honetako probaren ondoren frantziarrak berrogei puntuko abantaila du Peter Solberg Norvegiarrarekiko. Diferentzia hau mantentzeko gai bada, eta horrela izango dela dirudi, urrian Frantziako rallyan munduko txapeldun izan daiteke. Aurtengoan antolatzaileek Frantziako lasterketa Korsikatik atera eta Alsaziara eraman dute, Loeben etxera, eta gainera omenaldi moduan rallyko azken tramua bere jaioterrian izango da. Ziur rallya eta munduko txapelketa etxekoekin batera ospatzeko asmoa izango duela.

(gehiago…)

Loeb garaile Jordanian berriro ere

Igandea, Apirila 4th, 2010 | Urkok idatzia

01198

Jordaniako rallya amaitu da eta Citroen etxeko Sebastien Loeb irabazle izateaz gain mundialeko lidergoa indartzea lortu du, orain sailkapenean bigarrena den Latvala finlandiarrari hogeita bost puntuko aldea ateratzen bai dio. Ford etxeko Hirvonenek ostiralean pareta bat jo, autoa matxuratu eta ezin izan zuen aurrera jarraitu. Nahiz eta larunbatean irtetea lortu zuen hogeita hamar minutuko zigorra jaso zuen eta lasterketako sailkapenean hogeigarren postuan amaitu du. Bigarren lekuan amaitu zuen Latvala finlandiarrak eta askok uste zutena baina indartsuago dabilen Peter Solberg Norvegiarrak osatu zuen podiuma.

(gehiago…)

Jordaniako rallya 2010

Osteguna, Apirila 1st, 2010 | Urkok idatzia

01171

WRC (World Rally Car) txapelketak atlantikoa zeharkatzen du berriz eta aste honetan Jordanian neurtuko dituzte indarrak pilotuek. Mexikon irabazlea Loeb izan zen eta oraingoan ere bera izango da faboritoa. Zerbaitengatik da mundialeko liderra eta aste honetan ere txapelketa irabazi nahi badu bere gaitasunak erakutsi beharko ditu. 2008an Jordaniako rallya lehen aldiz WRC txapelketarako puntuagarria izan zen eta orduan irabazlea Mikko Hirvonen finlandiarra izan zen. Lehengo urtean munduko txapelketatik at gelditu ondoren aurtengoan Jordaniako rallya munduko eta ekialde hurbileko txapelketetarako puntuagarria izango da. Herrialde arabiar batean ospatzen den rally bakarra da hau eta zenbait berezitasun ditu. Irabazleak podiumean ez du alkoholik izango baina horrez gain egutegi arabiarrean oinarrituko da eta ostegunean hasi eta txapelketa osoan larunbatean amaituko den lasterketa bakarra izango da.

(gehiago…)

Citroen garaile Mexikon

Igandea, Martxoa 7th, 2010 | Urkok idatzia

01126

Sebastien Loeb eta Citroen etxeak Mexikon erakutsi duten nagusitasuna munduko txapelketako beste probetan errepikatzen bada frantziarrak errez irabaziko du bere zazpigarren txapela. Zazpi urte pasa dira auto-egile frantziarrak hiru gidari podiumera igo zituen azken alditik eta oraingoan Dani Sordoren (bigarren pilotua) beharrik ez dute izan, talde pribatu batean parte hartzen duen Petter Solberg Norvegiarra eta Junior taldeko Sebastien Ogier frantziarrak lagundu bai diote podiumean Loeberi.

(gehiago…)

Mexikoko rallya 2010

Asteartea, Martxoa 2nd, 2010 | Urkok idatzia

01112

WRC (World Rally Car) txapelketak aste honetan ozeano atlantikoa zeharkatuko du eta Mexikoko rallyan indarrak berriz neurtuko dituzte munduko txapela irabazteko faboritoak diren Sebastien Loeb frantziarra eta Mikko Hirvonen finlandiarrak. Suedian Ford etxeko gidaria izan zen garailea urte osoan elurretan egingo den proba bakarrean eta Mexikon autoak ibiliko diren pistetan lurra izango da nagusi, mundialeko lasterketa gehienetan lehiatuko diren gainazala.

(gehiago…)

Hirvonen garaile Suedian

Astelehena, Otsaila 15th, 2010 | Urkok idatzia

01042

Eskandinaviar herrialdetan bertako pilotuak beti dira faboritoak eta aurtengoan ere horrela izan da Hirvonen finlandiarrak Loeb menderatu bai du. Citroen etxeko gidariak rallya lider moduan hasi zuen baina erlojupeko tramuak aurrera joan diren bezala bere abantaila galdu eta Hirvonen finlandiarrak gainditu du. Ford etxeko pilotua oso indartsu agertu da asteburu osoan eta igandean Loebek Hirvonen ezingo zuela gainditu ohartu zen eta sailkapen orokorreko bigarren postua ziurtatu asmoz abiadura murriztu zuen istripurik, edo matxurarik ez izateko. Munduko txapelketa hasi besterik ez da egin eta denboraldia oso luzea izango da. Lehengo rally honetako emaitza garrantzitsua da baina aurten elurretan ospatuko den rally bakarra izan da Suediakoa eta martxoko lehengo astean Mexikon egingo den lasterketan gauzak oso bestelakoak izan daitezke.

(gehiago…)

Suediako rallya 2010

Osteguna, Otsaila 11th, 2010 | Urkok idatzia

01035

2009an WRC (World Rally Car) txapelketatik kanpo gelditu ostean gaur hasi da denboraldiaren irteera puntua izango den Suediako rallya. Aste honetako proba izango da aurtengoan elurretan egingo den bakarra. Horretarako antolatzaileek lasterketa iparraldera eraman behar izan dute 2008an elur faltagatik izan zituzten arazoak ez daitezen errepikatu. Elurra ziurtatua egongo dela dirudi eta iltzedun gurpiletara ondoen moldatzen diren gidariak izango dira faborito. Eskandinaviar herrialdetan egiten diren rallyetan bertako pilotuak beti dira faborito baina ezin dezakegu gaur egungo munduko txapelduna den Sebastien Loeb baztertu. 2009an Norvegiako rallya irabazteko gai izan zen eta munduko rally txapelketa ezarri zenetik eskandinaviarra izan gabe eskandinaviar herrialde batean irabazi duen gidari bakarra da.

(gehiago…)

WRC puntuazio sistema

Osteguna, Otsaila 11th, 2010 | Santik idatzia

01003

Azken unean korrika eta presaka FIA-k (Autoaren Federazio Internazionala) rallietako puntuazio sistema aldatu du. Aurreko urtean irabazleak 10 puntu jasotzen zituen, bigarrenak 8 eta hirugarrenak 6, modu honetan beherantz jarraituz lehen 8 sailkatuetan. Honekin lasterketa bat irabaziagatik oso zaila zen bigarrengoari tartea zabaltzea eta adibidez istripu batengatik ez bazenuen proba bat amaitzen, gero asko kostatzen zen sailkapenean berriro gora igotzea.

Sistema berriarekin irabazleak puntu gehiago jasoko ditu orain eta 10 lehenengoen artean banatuko dira. Gidariek gehiago arriskatu beharko dute hemendik aurrera, aurreko urteetan oso ohikoa bait zen emaitzak gordetzera joatea sailkapeneko postuak mantentzeagatik. Esan genezake gidari askok etsi egiten zutela eta ados zeuden lortzutako postuarekin. Emozio eta lehia biziagoak lortzea nahi da aldaketa honekin:

25 puntu
18 puntu
15 puntu
12 puntu
10 puntu
8 puntu
6 puntu
4 puntu
2 puntu
10º 1 puntu

2010ko WRC gidariak

Osteguna, Otsaila 11th, 2010 | Urkok idatzia

01001

Aste honetan hasiko den WRC (World Rally Car) txapelketan parte hartuko duten gidari guztien artetik Sebastien Loeb da faborito nagusia. Txapeldun frantziarrak zazpigarren aldiz jarrian munduko txapela irabazi nahi du eta rallyen historian ia inork lortu ezingo duen marka ezarriz. Bere arerioak zein izan daitezkeen esan aurretik kontuan izan behar dugu aurtengoan soilik Citroen eta Ford eraikitzaileak izango dituztela talde ofizialak eta normalean markek babesten dituzten taldeak izaten dira indartsuenak. Aurtengoan txapeldun-gai indartsuena Mikko Hirvonen munduko txapeldun ordea dela dirudi baina ezin izango ditugu baztertu Citroen etxeko Dani Sordo eta Ford taldeko Jari-Matti Latvala.

(gehiago…)

2010 WRC egutegia

Asteartea, Otsaila 9th, 2010 | Urkok idatzia

00991

Ostiral honetan hasiko den Suediako rallyarekin jarriko da martxan 2010ko WRC denboraldia (World Rally Car). Antolatzaileek elurra ziurtatzeko asmoarekin Suediako iparraldera eraman dute lasterketa. Aurtengoan aldaketak izango dituzten beste bi proba Turkia eta Frantzia izango dira. Turkiarrek hegoaldetik Istanbul aldera mugitu dute beraien proba eta Frantziarrek berriz Korsika utzi eta Alsazian egingo dute beraien lasterketa.

2010an WRC txapelketak 13 rally izango ditu, aurreko urtean baino bat gehiago, eta lehenengo aldiz Bulgariako proba munduko txapelketarako baliagarria izango da. Hona hemen lasterketen egutegia:

(gehiago…)