
Zurrumurru ugariren ondoren azkenean iritsi da Mini etxeak datorren denboraldian WRC txapelketan talde ofiziala izango duenaren baieztapen ofiziala. Itzulera honetarako udazkenean kalean izango den Countryman bertsioa aukeratu dute eta hasiera batean esan dutenaren arabera 2011. denboraldian ez dute proba guztietan parte hartuko. Lehenik eta behin kotxea lasterketa baldintzetan nola mugitzen den ikusi nahi dute eta 2012. urtean denboraldi osoa egingo omen dute. WRC Mini-a S2000 baldintzen arabera eraikiko dute eta 1.6 litroko BMW motorra erabiliko du. BMW etxeak esan duenez beraien asmoa denbora luzean munduko rally txapelketan lehiatzea da eta lehen garaipenak 2012. urtean bertan lortzea nahi dute, edo gutxienez garaipenaren borrokan sartuta ibiltzea.
Mini talde ofizialaz gain beste marka batzuek egiten duten bezala talde pribatuei kotxeak saltzeko prest agertu dira eta esan dutenaren arabera eskaerak onartzen hasteko prest omen daude. Urtea amaitu baino lehenago rallyetako lehenengo Miniak ikusteko moduan izango garela dirudi.







