
Agertu da azkenean Volvo S60 berritua, berlina alemaniarrekin zuzenean lehiatzera dator bere 4,62 metroko luzerarekin eta segurtasun sistema berritzaileekin. Gogoan izan Volvo Ford markaren jabetzan egon dela duela gutxirarte eta azkenean Geely marka txinatarrari saldu zaiola. Hala ere modelo honek amerikarren teknologia elkarbanatzen jarraitzen du salmenta hau gertatu aurretik diseinatuta zegoelako autoa, adibidez Mondeo modeloaren txasisa darama. Lehen erabiltzen zituzten forma karratuekin aspaldi ahaztu dira suediarrak eta markako azken modeloetan ikusi dugun diseinu freskoarekin jarraitzen dute auto honetan ere. Ekainean iritsiko da saltokietara.
Aipagarria da oinezkoak ez harrapatzeko erabiltzen duen sistema automatikoa: 35 km/ordutik behera goazenean kamera batzuen bidez pertsonak hatzematen joaten da autoa eta norbait oso gertu badago lehenik soinu batekin ohartzen du gidaria balazta dezan. Baina gidaria ez bada ohartzen ondoren autoak berak bakarrik balaztatzen du oinezkoaren harrapatzea eragotziz. Abiadura gehiagorekin ere funtzionatzen du baina kasu horretan ez dio denbora ematen istripua eragozteko, hala ere, oinezkoak jasango dituen kalteak murrizten ditu.
Segurtasunarekin jarraituz ASC estabilitate kontrol aurreratua eramango du eta autoak jasaten dituen alboko indarrak kontuan izango ditu, adibidez haizearen bultzadak edo emandako bolante-kolpeak. Abiadura kontrol aktiboa ere eramango ahalko du, honek aurreko autoarekiko distantzia automatikoki mantentzen du. Volvo marka beti arduratu izan da segurtasun kontuetan eta bere fama ona mota honetako teknologiekin lortu du.
Haseran lau motor indartsuenak agertuko dira baina urtea amaitzerako iritsiko dira besteak gama osatzera:
- 3.0 T6 gasolina 306 zaldirekin, 100 kilometro ordura 6,3 segundutan iritsiko da eta abiadura maximoa 250 km/ordura elektronikoki mugatua izango du. Bataz beste 10 litro inguru beharko ditu 100 kilometro egiteko.
- 2.0 GTDi gasolina 203 zaldirekin, 100 km/ordura 7,7 segundutan iritsiko da eta bataz beste 7,9 litro gastatuko ditu.
- 2.4 D5 diesela 204 zaldirekin, 100 km/orduak 7,8 segunduan lortuko ditu eta 5,9 litroko kontsumoa 100 kilometroero.
- 2.0 D3 diesela 163 zaldirekin eta 5,2 litroko kontsumoa 100 kilometroero.
- 2.0 T5 gasolina 240 zaldirekin.
- 1.6 GTDi T4 gasolina 180 zaldirekin.
- 1.6 GTDi T3 gasolina 150 zaldirekin.
- 1.6D DRIVe diesela 115 zaldirekin, badirudi azken honek bataz beste 4,3 litro erreko dituela kilometroko 115 gramu CO2 isuriekin.
Ez da behintzat aukerarik faltako motorra aukeratzerako orduan, enbrage bikoitzeko kanbio automatikoak eta erabateko trakzio sistemak ere eskuragarri izango direlako.





