Honda hibridoak taxi moduan

01099

Auto elektrikoak merkatuaren jabe egingo direla nahiko garbi dago baina egun hori iritsi bitartean ibilgailu hibridoak dira kontuan hartzeko aukera errepidean lan egiten dutenentzat. Momentuan ez dira taxi hibrido asko ikusten kaleetan, hemen inguruan badabiltza Toyota Prius bakar batzuk baina datozen hilabeteetan gauza aldatu egin daiteke Hondaren asmoak betetzen badira behintzat. Insight eta Civic Hibryd modeloak eskainiko ditu Europa osoan taxi gidariei zuzenduta eta lanerako prestaturik egongo dira: aginte-panelean taximetroarentzat konexioa, sabaian taxi seinalea jartzeko euskarria eta plastikozko alfonbra gogorrak etxetik jarrita etorriko dira.

Ekipamendu gehigarria izatea ondo dago baina benetan interesgarria taxi bertsioen salneurria izango da. Hondak esan duenez Alemanian Insight modeloak 15.990 euro balioko ditu eta Civic Hibryd taxiak berriz 17.990 euro. Eskaintza  erakargarria izan daiteke kontuan izaten badugu Insight merkeenak 19.800 euro balio dituela eta Civic Hibryd batek 24.900 euro. Prezioan izango duten deskontuaz gain baloratu behar dugu Insight modeloak ehun kilometroan 4,4 litroko kontsumoa duela eta Civic Hibryd modeloak berriz 4,9 litro. Norbaitek pentsa dezake edozein dieselek gutxiago erretzen duela baina oker dago zeren herri barruko kontsumoak begiratuz ez dago hibridoen parera gerturatzen den modelorik eta denok dakigu taxi batek egiten dituen kilometro gehienak bertan egiten direla. 3 urteko edo 300.000 kilometroko bermea dauka, bietan lehenik igarotzen dena.

Etiketak: , ,

Iruzkinak itxita daude.