Artxibo hau ‘Orokorrean’ atalean dago

Volvo 1.6 GTDI gasolina motor berriak

Asteartea, Iraila 7th, 2010 | Santik idatzia

01835

Motor hauen deituran TDI hizkiak agertzean bat baino gehiago nahastu egingo da dieselak direlakoan baina gasolinazkoak dira. Hasera batean S60 eta V60 modeloetan ikusiko ditugu baina denborarekin suediarren gama osora zabalduko dira. Bi potentzia desberdinetan eskuratu ahalko dira 1.6 litroko gasolina motor berri hauek, 150 edo 180 zaldirekin. Aluminioz eginak daude, injekzio zuzena eta turboa erabiltzen dituzte potentzia horietara iristeko. Bietako indartsuenak enbrage bikoitzeko kanbio automatikoa eraman dezake eta biak Start&Stop sistemarekin erabat bateragarriak dira.

Ez dago esan beharrik mekanika eraginkorragoak direla, gehiago doaz eta aldi berean erregai gutxiago gastatzen dute. Gasolinaz aparte Bioetanolarekin ere funtzioatu ahal izateko moldaketak jarriko ditu Volvok erosleen eskura. 2011 urtean derrigorrezko den Euro5 legedia arazorik gabe gainditzen dute. Datu gehiago izatean albistea zabalduko dugu.

Agur Alfa Romeo Brera eta Spyder

Igandea, Abuztua 29th, 2010 | Santik idatzia

01784

A ze garbiketa egiten ari den Fiat taldea Alfa Romeo markaren gama barruan, aurreko egunean jakin genuen GT modeloa desagertu egingo zela baina oraingoan erabat harrituta utzi gaituen erabakia hartu dute italiarrek: Brera eta Spyder modeloak ere kendu egingo dituzte merkatutik. Nahiz eta biek 4 urte inguru bakarrik daramaten merkatuan ez dituzte salmenta oso onak izan, arrazoi nagusiena prezioan aurkitzen da, modelo esklusiboak dira baina oso garestiak eta prezio horietan erosleek nahiago dituzte modelo alemaniar ezagunak eskuratzea.

Honekin Alfa Romeoren gama erabat erren gelditzen da deskapotable eta kupe karrozeriarik gabe, Mito zein Giulietta konpaktu eta 159 berlinarekin. Hasera batean gainera ez dirudi merkatutik kenduko dituzten 3 modelo hauek ondorengorik izango dutenik. Alfa Romeo da krisia gehien nabaritzen dabilen marketako bat, oso modelo erakargarriak diseinatzen dituzte baina ez dauzkate merezi duten arrakastarik. Nik neuk aitortu beharra daukat Mito eta Giulietta modeloak konpaktuen kategoriako ederrenetakoak iruditzen zaizkidala. Laister 159 berlina ere berritua izango da, Giulia izena hartuz eta espero dugu markaren bezpiztea eragitea.

586 auto elektriko saldu dira

Larunbata, Abuztua 28th, 2010 | Santik idatzia

01772

Egunero ikus ditzakegu telebista eta aldizkarietan auto elektrikoei buruzko albisteak, etorkizunerako apostu egokiena dirudite baina gaur egun auto elektrikoaren garapenaren haseran bakarrik aurkitzen gara. Oraindik ez dago ia inolako azpiegiturarik ezta ere modelo erakargarririk salgai kontzesionarioetan. Hala ere espainiako gobernuak duela urtebete Novele izeneko plana martxan jarri zuen mota honetako auto bat erostera ausartzen zirenei diru laguntzak emanez.

Orain, urte bat geroago plan honen emaitzak jakinerazi dituzte, guztira 586 auto elektrikok jaso dute diru laguntzaren bat. Horrela diru laguntzetara bideraturik dauden 8 milioi eurotik oraingoz milioi bat bakarri gastatu du gobernuak. Oraindik oso modelo gutxi daude merkatuan eta hori asko nabarmentzen da. Salmenta gehienak empresa arloan izan dira, garraiorako flotak osatzeko batipat. Pixkanaka pixkanaka baina zihur, hurrengo urtean modelo gehiago izango ditugu merkatuan eta ea orduan zer gertatzen den.

Honda Civic Type-R

Igandea, Abuztua 22nd, 2010 | Santik idatzia

01770Dirudienez abenduan Honda marka japoniarrak bere autorik deportiboena merkatutik kentzeko asmoa du, Civik konpaktuan oinarriturik dagoen Type-R basatiaz gabiltza hizketan. Kapota azpian daraman motorra merkatuan dagoen bizienetakoa da, 2 litroko motor atmosferikoak turborik erabili gabe 200 zaldi ematen ditu eta 9.000 bira/minuturaino igotzen da, gozamen bat izan behar du mekanikaren zarata entzutea bira/min horietan.

Gainera merkatutik kentzearen arrazoia ez da salmenten kopurua baxua delako, alderantziz, nahiko ondo saltzen da baina tamalez ez du emisioen Euro5 legedia gainditzen. Beste merkatu batzuetan salgai jarraituko du, legeak bigunagoak direlako. Auto honek 235 km/orduko abiadura maximoa dauka, 100 km/ordura 6,6 segundutan iristen da eta bataz beste 9,1 litro erretzen ditu 215 gramu CO2 emisioekin.

Konpaktu deportiboak begiratzen bazabiltza zihur aurkituko dituzula abendura bitartean eskeintza ederrak unitate bat baino gehiagotan.

Agur Alfa Romeo GT

Astelehena, Abuztua 16th, 2010 | Santik idatzia

01739

Modelo hau ere azken urteetan oso salmenta urriak izaten zebilen eta azkenean gertatu behar zena gertatu zaio, egiteari utzi diote eta ez du ondorengorik ere izango. Beraz Alfa Romeo GT autoa gure merkatutik desagertu egingo da. Ideia bat egiteko 2009 urtean ez ziren 300 unitate saldu urte osoan.

Beti gertatzen den bezala azken unitateak saldu ahal izateko eskeintza bereziak daude martxan, une hauetan 7.500 euro merkeagoa da 150 zaldiko 1.9 JTD diesel motorrarekin edo 147 zaldiko 1.8 TS gasolinarekin. Kupe karrozeriadun berlina italiar hau eskuratu nahi baduzu azkar ibili beharko duzu.

Munduko motorrik onenak 2010

Osteguna, Abuztua 12th, 2010 | Santik idatzia

Urtero moduan autogileen artean motorrik onenen sariak banatu dira, mundu osoko 65 kazetari aditurekin osatutako zegoen epaimahaiaren botoak kontatu ondoren hauek izan dira irabazleak:

- Urteko motorrik onena: Volkswagen 1.4 TSI gasolina

- Urteko motor berri onena: Fiat 1.4 Multiair gasolina

- Urteko motor ekologiko onena: Toyota 1.8 hibridoa

- Urteko motor deportibo onena: Mercedes Benz 6.2 V8 gasolina

- Zilindrada 1 litro baino gutxiago: Toyota-Peugeot-Citroen 1.0 VVTI gasolina

- Zilindrada 1 litro eta 1,4 litro bitartean: Volkswagen 1.4 TSI gasolina

- Zilindrada 1.4 litro eta 1,8 litro bitartean: Bmw-Peugeot-Citroen 1.6 Turbo gasolina

- Zilindrada 1.8 litro eta 2,0 litro bitartean: Bmw 2.0 Biturbo diesela

- Zilindrada 2.0 litro eta 2,5 litro bitartean: Audi 2.5 TFSI gasolina

- Zilindrada 2.5 litro eta 3 litro bitartean: Bmw 3.0 Biturbo gasolina

- Zilindrada 3 litro eta 4 litro bitartean: Bmw 4.0 V8 gasolina

- Zilindrada 4 litro baino gehiago: Mercedes Benz 6.2 V8 gasolina

Bi kasu ezezik beste guztietan gasolina motorrak izan dira nagusi eta marketan Bmw nabarmentzen da 4 kategoriatan irabaziz beste guztien aurretik.

Mini WRC txapelketan

Igandea, Abuztua 8th, 2010 | Urkok idatzia

01697

Zurrumurru ugariren ondoren azkenean iritsi da Mini etxeak datorren denboraldian WRC txapelketan talde ofiziala izango duenaren baieztapen ofiziala. Itzulera honetarako udazkenean kalean izango den Countryman bertsioa aukeratu dute eta hasiera batean esan dutenaren arabera 2011. denboraldian ez dute proba guztietan parte hartuko. Lehenik eta behin kotxea lasterketa baldintzetan nola mugitzen den ikusi nahi dute eta 2012. urtean denboraldi osoa egingo omen dute. WRC Mini-a S2000 baldintzen arabera eraikiko dute eta 1.6 litroko BMW motorra erabiliko du. BMW etxeak esan duenez beraien asmoa denbora luzean munduko rally txapelketan lehiatzea da eta lehen garaipenak 2012. urtean bertan lortzea nahi dute, edo gutxienez garaipenaren borrokan sartuta ibiltzea.

Mini talde ofizialaz gain beste marka batzuek egiten duten bezala talde pribatuei kotxeak saltzeko prest agertu dira eta esan dutenaren arabera eskaerak onartzen hasteko prest omen daude. Urtea amaitu baino lehenago rallyetako lehenengo Miniak ikusteko moduan izango garela dirudi.

Auto hegalaria hemen da

Osteguna, Abuztua 5th, 2010 | Santik idatzia

Hau bai dela ohituta gaudenetik albiste erabat desberdina, empresa amerikar batek hegan egin dezakeen autoa bat merkaturatu bait du. Eaba, beraiek deitzen diote autoa baina benetan hegazkin bat da eta errepidean ibiltzeko moldatuta dago. Aurrekaldean hegazkin kabina bat aurkituko dugu eta alboko bi hegalak tolestu egiten dira errepidean ibiltzeko. Bi gidabaimenak behar ditugu, gidatzekoa eta pilotoarena, ahaztu gabe aeroportu edo aerodromo txiki bat noski. Neurriak ondokoak dira, 6 metro luzeran, 2,3 zabaleran eta 2 altueran, agian nire garajean kabitzen da…

2011 urtean hasiko dira lehen unitateak saltzen eta dagoeneko eskaerak egin daiteke 7.000 euroko fidantza ordainduz, ibilgailuak berak 154.000 euro balio ditu. Atzeko trakzioa darama eta CVT motako kanbio automatikoa. Zeruan 700 kilometro egiteko autonomia dauka, bi perstona garraiatu ditzake eta 185 kilometro orduko abiadura lortzen du. Ikusiko ote dugu horrelakoren bat geure inguruan?

Tuning arautze berria

Asteartea, Abuztua 3rd, 2010 | Santik idatzia

01656

Gaur egun Tuning edo autoaren gaineko aldaketen arauek 20 urtetik gora dauzkate eta noski, bertan agertzen diren zenbait kontzeptu erabat zahartuak daude. Horregatik Espainiako gobernuak arautze berri bat onartu du, Europar Batasunean 2007. urtean onartu zenaren bidetik jarraituz. Gainera datu interesgarri batzuk kaleratu dituzte, 2008. urtean bakarrik 165.000 aldaketa egin ziren serieko autoen gainean, 450 milloi euroko irabaziak emanez sektore honi (tailerrak, dendak, karrozeriak…) eta 8.000 pertsonaren bizi iturria izanez. Krisiak pixka bat moteldu du egoera baina hala ere oso ohikoa da aldaketak egindako autoak ikustea kaleetan.

Araudi berriaren helburu nagusia autoen segurtasun sistemak mantentzea eta ingurumenaren babesa zihurtaztea omen da, hau da, CO2 emisioak, motorraren zarata, potentzia igotzeko zentralitak, abiadura mugagailu elektronikoak edo ESP bezalako sistemak ezgaitzea zorrotzago begiratuz. Oraindik ez dago ezer garbi baina baliteke adibidez airbaga daramaten bolanteak ezin ordezkatzea airbagik ez dutenengatik, segurtasuna galtzen delako.

Ikusiko dugu zertan gelditzen den guzti hau zeren ez dira autoak bakarrik arautuko, furgoneta, kamioi edo motozikletak baita ere. Ni izanda nago tuning kontzentrazio batzuetan, sekulako lana egindako autoak ikusi daitezke, ia arte lanak baina baita ere logikarik gabeko gehiegikeria ugari. Ez da gaizki etorriko ordena pixka bat.

Talbot marka berpiztua

Ostirala, Uztaila 30th, 2010 | Santik idatzia

01635

PSA taldeak hirugarren marka bat nahi du, Peugeot eta Citroen markez gain kostu baxuko autoak egiteko beste marka bat behar omen dute. Eta informazio guztien arabera aukeratua duela urte batzuk desagertu zen Talbot marka izan daiteke. Erabaki hau Renaultek Dacia markarekin izaten dabilen arrakasta ikustean hartu dute, gaur egun krisiaren erruz erosle askok oinarrizko autoak nahi dituzte, inolako txorakeriarik gabekoak, motor fidakorrak eta prezio merkeekin.

Bestalde garapen bidean dauden herrialde txiroetan kostu baxuko autoak merkatuan nagusi dira eta pastelaren zati hori ez dute galdu nahi frantziarrek, adibidez Txina, India, Errusia edo Brasil bezalako merkatu erraldoietan. Imaginatuko duzuen bezala zalantza guztiak Pariseko auto erakusketan argituko dira.

Estrategia hau marka nagusiaren izen ona ez galtzeko erabiltzen da, kostu baxuko autoekin ez erlazionatzeko. Horrela adibidez Dacia markako modelo bat oso txarra irteten bada, pertsona askok ez dakite marka horren nagusia Renault dela.

Auto elektrikoentzat estandarra Europan

Osteguna, Uztaila 29th, 2010 | Santik idatzia

01626

Azkenean sartu du Europar Batasunak eskua auto elektrikoen inguruan eta oraingoan oso beharrezkoa den gauza baterako: auto elektriko guztietan bateriak kargatzeko konektore bakarra ezartzeko bestela telefono  mugikorren moduan marka bakoitzat berea beharko luke eta. Gaur egun 220 boltioko harguneetan kargatzeko entxufe arrunta erabiltzen da baina ez 480 boltioko eta 3 hariko harguneetan.

Erabaki honek gainera aurrera bultzada haundia ematen dio teknologia elektrikoari, Europa osoan zehar edozein kargatzeko guneetan funtzionatuko bait du gure auto elektrikoak. Logikoa den bezala bateriek ere ezaugarri tekniko berdinak izango dituzte marka batean edo bestean. Neurri hau motozikleta eta bizikleta elektrikoetara ere hedatzen da.

Agur Chrysler PT Cruiser modeloari

Asteartea, Uztaila 20th, 2010 | Santik idatzia

01585

Auto munduan noiz behinka agertzen dira estetika oso desberdina daukaten modeloak, batzuek maitatu egiten dituztenak eta besteek berriz gorrotatu. Hauetako bat da Chrysler markak kaleratu zuen PT Cruiser modeloa, familiar itxurako ibilgailu hau duela zenbait urteko modelo amerikarretan inspiraturik dago.

Hasera batean merkatu batzuetan izugarrizko arrakasta izan zuen baina 2008 urtetik ona ez dira ia batere saldu. Hemen ere ez dira ikusten eta hori Mercedes Benz markako 150 zaldiko diesel motor batekin ekipaturik doalarik. Logikoa den bezala merkatutik erretiratua izan da eta azken unitateetan 3.000 euroko eskeintza dago, 21.000 eurotan bat erosiz.

Oporretan nabil

Astelehena, Ekaina 28th, 2010 | Santik idatzia

Barkatuko didazue baina hurrengo 3 asteetan oporretan nabil eta ezingo ditut albisteak egunero idatzi. Nagoen tokian ia ez dago internet konexiorik eta dagoena oso motel doa.

Itzuleran beti bezala jarraituko dut idazten

Google Maps Navigation

Ostirala, Ekaina 25th, 2010 | Santik idatzia

01572

Jarri da martxan azkenean Google erraldoiaren azken produktuetako bat Espainian, orain arte Estatu Batuetan bakarrik funtzionatzen bait zuen. Zerbitzu honek Google Maps Navigation izena dauka eta funtzean dohako GPS programa bat da, ez dago aktualizaziorik ordaindu beharrik eta mundu osoko mapa guztiak dituzu eskura. Gainera satelite bidez benetako argazkiak ikusten dituzu eta StreetView sistema ere barnean darama. Google Maps zerbitzu ezagunean dauden aukera guztiak ditu, negozioak bilatzeko, leku interesgarriak ikusteko, Google bertan bilaketak egiteko, ibilbideak kalkulatu eta abar luze bat. Ahotsaren bidez kontrola daiteke, horrela ez dugu isunik jasoko gidatzen goazen bitartean.

Baina denak ez dira albiste onak, Android sistema eragilea daramaten mugikorretan bakarrik funtzionatzen du oraingoz, 3G konexio bat eduki behar da eta mapak ezin dira mugikorrera jaitsi. Baina Google empresa ezagutzen dugu eta laister izango ditu eskuragarri beste sistema eragileentzako bertsioak, adibidez Windows Phone 7.

Kolpe ederra jaso dute GPS eramangarriak saltzen dituzten empresa tradizionalek, beraien mapak dohako bihurtzen ez badituzte epe motzean desagertzeko arriskuan aurkitu daitezke. Albistea irten den unean TomTom, Navman eta Garmin empresen akzioek burtsan beherantz egin dute.

Lancia eta Chrysler bat izango dira

Ostirala, Ekaina 18th, 2010 | Santik idatzia

00869

Jakingo duzuen moduan Fiat taldeak Chrysler, Dodge eta Jeep marka amerikarrak erosi zituen. Krisiagatik amerikarrak oso gaizki pasatzen ari ziren eta Fiat honetaz baliatu zen diru gutxiagorekin hauen jabetza lortzeko. Orain bapatean Fiatek mundu osoan milaka saltoki dauzka bere modeloak herrialde guztietara zabaltzeko. Baina arazo bat dago, italiarrak Fiat, Lancia, Alfa Romeo eta Ferrari marken jabeak dira beraz elkarren artean lehiatzen direnez esan daiteke batzuk soberan daudela.

Horregatik hartu behar izan dute lehen erabaki garrantzitsua, Lancia eta Chrysler markak bat izango dira. Hau da, bi markek modelo berdinak izango dituzte katalogoan eta herrialdearen arabera bata edo bestearen izenarekin salduko dira. Adibidez ameriketan Chrysler Delta edo Chrysler Ypsilon bezalako modeloak ikusiko ditugu, han ez bait dira Lancia moduan salduko. Europan berriz alderantziz gertatuko da, Chrysler izena ez da erabiliko eta Lancia Sebring edo Lancia Grand Voyager bezalako autoak ikusiko ditugu. Zihurrenik modelo berriak kaleratzen doazen bitartean izenak ere aldatzen joango dira, bestela erosleak pixka bat nahastu daizteke eta.

2011 urteko maiatzerarteko epea eman die Fiatek kontzesionario ofizial guztiei beraien lokalak egoera berrira moldatzeko, lokalak haunditu eta irudi korporatiboak berritzeko. Lancia markak gaur egun 4 modelo bakarrik dauzka eta 8 modelo izatera igaroko da. Ea nola irteten zaien apostu berri hau italiarrei.

Autoen bermean aldaketak

Astelehena, Ekaina 14th, 2010 | Santik idatzia

01539

Albiste onak datoz Europatik tailerrentzat eta ez ain onak kontzesionarioentzat. Orain arte zalantza haundiak zeuden autoen berme ofizialen inguruan, marka askok beraien kontzesionarietan azterketak eta manteinu lanak egitera behartzen zituzten bezeroak bestela bermea galduko zutela mehatxatuz. Eta noski, tailer ofizialetan beti garestiago izaten dira lan hauek. Gainera inguruan zure auto markako saltoki bakarra badago derrigortuta zeunden bertara eramatera eta hango prezioak ordaintzera, ez zeneukan aukerarik zuk nahi zenuen tailerra aukeratzeko bestela bermea galtzeko arriskua hartu behar zenuen. Azkenean irabazten irteten garenak gu gara, auto bat jabetzan daukagunak zeren honek prezioen jaitsiera bat ekarriko du eta.

Hemendik aurrera, nahi dugun tailerrera eraman dezakegu gure autoa eta bermea izaten jarraituko dugu. Hori bai, piezaren bat izurratzen bada eta bermean badago, logikoki tailer ofizialera joango gara konponketa doan delako. Bestalde tailer txikiek erraztasun gehiago izango dituzte marka ofizialetako pieza originalak eskuratzerako orduan, hau izaten zen egunez egun jasaten zuten arazorik haundienetakoa eta. Krisi garai hauetan ongi etorriko da aldaketa hau negozio txikientzat, bezero gehiago izateko aukera daukate eta orain.

3 urteko epea eman da Europatik pixkanaka neurri hauek indarrean jartzeko eta espero dugu orain tailer txikiek beraien prezioak ez igotzea, bestela berriro ere gidariok berdin geldituko ginateke eta, batean edo bestean dirutzak ordaintzen. Ez ahaztu tailer batean akats baten erruz autoan matxuraren bat sortuko balitz orduan ez zen tailer ofiziala izango arduraduna, konponketa egindako tailerra baizik. Eraman autoa beti konfidantza gehien ematen dizun tailerrera.

Organodun dummiak

Osteguna, Ekaina 10th, 2010 | Urkok idatzia

01529

Gaur egun auto batek istripu bat duenean bidaiariek jasango dituzten kalteak nolakoak izango diren jakin ahal izateko Crash-Dummiak bezala ezagutzen diren panpinak erabiltzen dituzte auto egileek. Jostailuzko pertsonak dirudite baina laborategietan egiten diren test desberdinetan bizitza ugari salbatzeko balio dezakeen informazio ugari lortzen da panpina hauei esker. Orain erabiltzen direnak pertsonen tamaina eta pisua dute eta barruan dituzten sentsoreei esker istripu batean kotxeetako bidaiariek edo harrapatutako oinezkoen zauriak nolakoak izan daitezken asmatzen saiatzen dira. Laborategietan egiten diren proba guztiak bezala kaleko errealitatea modu zehatzenean errepikatzen saiatzen dira baina dummiak gizakiek ez bezala ez dute barne organorik. Panpina hauen modelo batzuek hezurrak edo burmuinaren antzerako zerbait dute baina ez daramate ez bihotzik ez birikarik adibidez.

Toyotak auto istripuei buruz datu gehiago lortzeko asmoz dummi modelo berria erabiltzen hastea erabaki du. Panpina hauek gizakien barne organoen ordezkoak izango dituzte eta benetakoen tamaina, erresistentzia eta izaera izango dute. Modu horretan orain arte probetan lortzen den datu kopurua hamalau aldiz handitzea eta kotxe seguruagoak egitea lortu nahi da. Proba hauek ez dira gauza berriak nahiz eta beti ez diren erabili dummiak test desberdinak egiteko: hogeigarren mendeko 50. hamarkada iritsi zen arte hildakoen gorpuak erabiltzen ziren, gero bizirik zeuden zerriak erabili ziren eta azkenik dummi panpinak.

Motor berriak Mercedes Benz gamara

Asteazkena, Ekaina 2nd, 2010 | Santik idatzia

01475

Mercedes Benz marka ere ez dago geldirik eta bere motor indartsuenak garatu ditu eraginkorragoak baina aldi berean indartsuagoak izan daitezen. Biak gasolinazkoak dira, 6 eta 8 zilindrokoak:

- 3.5 litroko V6 gasolina 305 zaldirekin, lehen 272 zituen. Azelerazio gaitasuna 368 Nm-raino igo da eta CO2 emisioek murrizketa sakona jasan dute, 234 gramutik 177 gramuraino jaitsiz, batipat Start&Stop sistemari esker. Kontsumoak 7,6 litrokoak dira lehengo 10 litroekin alderatuz. S350 edo Cl350 modeloetan erabiliko dira adibidez.

- 4.6 litroko V8 Biturbo gasolina 425 zaldirekin, lehen 5,5 litroko zilindradarekin 388 zaldi zeuzkan. Turboen erabilpenari esker parra 530 Nm-etik 700 Nm-raino igo da. CO2 emisioak ere 225 gramuraino jaitsi dira. Kontsumoak 9,5 litrora jaitsi dira aurreko 12,3 litroetatik. S500 edo CL500 bezalako modeloetan ikusiko ditugu.

Motor berriak Volvo markan

Astelehena, Maiatza 24th, 2010 | Santik idatzia

01456

Pixka bat mareatzeko modukoa dirudi baina ahal den errazen argitzen saiatuko naiz. Volvo markak modelo guztietara diesel eta gasolina motor berrituak zabalduko ditu, denak batera ondorengo azalpenean ikusten den moduan. Ez dago esan beharrik indartsuagoak baina aldi berean eraginkorragoak direla. Aktualizazio sakona da baina beharrezkoa gaur egun lehiakorra izaten jarraitzea nahi bada.

- D2 izeneko 1.6d diesela 115 zaldikoa, bataz beste 4,3 litroko kontsumoarekin. C30,S40 eta V50 modeloetan erabiliko da.

- D3 izeneko 2.0d diesela bi potentzia desberdinekin. 163 zaldikoa S60, S80, V70 eta XC60 modeloetan ikusiko dugu 5,5 litroko kontsumoekin. 150 zaldikoa berriz C30, S40, V50 eta C70 modeloetan.

- D4 izeneko 2.0d diesela 177 zaldirekin. Hau ere C30, S40, V50 eta C70 modeloetan agertuko da.

- T5 3.2i gasolina 243 zaldirekin.

- T6 gasolina 306 zaldirekin S80, S60, V70 eta XC60 modeloentzat, bataz beste 10 litroko kontsumoarekin.

Errobotak autoak probatzeko

Ostirala, Maiatza 21st, 2010 | Santik idatzia

Mercedes-Benz markako alemaniarrek autoak nola probatzen dituzten jakiteko ikusi ezazue goiko bideoa. Gaur egun ohikoak bihurtzen ari dira errobotak autoaren hainbat alderdi probatzeko, adibidez talka probak, piezen iraupena errepikapen bidez eta abar. Orain pauso bat aurrera eman dute eta ESP estabilitate kontrola, larrialdietako balaztatzea edo iraulketa aurkako segurtasun sistemak aztertzeko ere gai dira.

Ordenagailu bidez kontrolatzen dira eta ibilbide programatu bati jarraitzen diote. Mugimendu oso zehatzak egiteko gai dira eta pertsona batek baino azkarrago erreakzionatzen dute edozein egoeratan. Mito asko dauden autoak probatzen dituzten gidarien gainean, askorentzat lan perfektua izango da baina egia da baita ere azken aldian batek baino gehiagok beraien bizia galdu dutela hainbat istripuetan, prototipoak aztertzen zebiltzala.  Hau da funtzean erroboten helburua, pertsonok ditugun arriskuak murriztea.

ESP sistemaren garrantzia

Astelehena, Maiatza 17th, 2010 | Santik idatzia

Askotan auto bat erostera goazenean inolako beharrik ez duten gauzei ematen diogu garrantzia, adibidez gurpilen tamainari edo irrati sistemari. Dirua gastatzera bagoaz hobe da segurtasun sistemak kontuan izatea bestela begiratu ezazue goiko bideoa. Alemaniako ADAC erakundea plataforma bera erabiltzen duten 3 furgoneta txikiri proba batzuk egiten ari ziren, Fiat Qubo, Peugeot Bipper eta Citroen Nemo modeloei zehazki, hirurak auto bera dira eta. Lehenik Fiat markakoak gainditu zuen proba, 90 km/orduko abiaduran errepideko oztopo bat jotzea galerazteko bolantea biratu eta berriro norabide berean jarraitzea zen bete beharrekoa, honek ESP sistema serietik dakar eta ez zuen inolako arazorik izan. Frantziarra igarotzen hasi zenean ordea (ESP sistemarik gabe) gertatu behar zuena pasa zen, lehen estutuan irauli egin zen.

Askotan kritikatu izan dut marka askok erabiltzen duten ekipamendu politika, erabat beharrezkoak diren sistemak aukera moduan jartzen dituzte autoak prezioa merkeagoa izan dezan eta gero jendeari dirutza kobratu jartzeagatik. Gertatu dena ikustean Peugeot eta Citroen markek esan dute Uztailetik aurrera diesel bertsio guztiek serietik jarrita eramango dutela ESP estabilitate kontrola baina zer gertatzen da modelo hauek erosi dituzten gidari guztiekin edo gasolina motorra daramatenekin? Gai izango dira denei dohan ESP sistema jartzeko edo ez dute hatzik mugituko?

Eta komunikabideak non daude horrelako gertaera larri bati buruzko berriak emateko, Toyotak ameriketan azeleragailuekin izan dituen arazoak albistegi guztietan agertu dira baina Europar marka hauei buruzko ezer ez dut ikusi nik. Zer da hau, japoniar autoei egurra alde guztietatik eta Europarrak babesten? Eskerrak hurrengo urtean derrigorrezkoa den ESP sistema eramatea auto berri guztietan zeren marken borondate onaren zain bagaude…

Gobernuaren laguntzak auto elektrikoei

Astelehena, Maiatza 10th, 2010 | Urkok idatzia

01354

Espainiako gobernuak auto elektrikoen aldeko apustua egin nahi duela dirudi eta 2014. urterako errepideetan 250.000 ibilgailu elektriko eta hibrido ibiliko direla aurreikusten dute. Helburu hori lortzeko hurrengo bi urteetan 590 milioi euro gastatzeko asmoa azaldu du gobernuak. Laguntza hau momentuan 50.000 biztaldetik gorako 145 hiritan ibilgailuak kargatzeko puntuak sortzen eta ibilgailuaren erosketa 6.000 eurorekin laguntzera bideratuko dute. Plan berezi honetaz gehien baliatuko direnak lantokiak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak izango direla dirudi. Jendeak oraindik ez du konfiantzarik kotxe elektrikoan eta plan honen barruan publizitate kanpaina zabala egitea aurreikusten dute gizartearen jarrera aldatzeko asmoz.

Diruz ibilgailu elektrikoen erosketa laguntzeaz gain beste neurri batzuk hartzeko asmoa azaldu du gobernuak. Argindarraren tarifa berezi bat sortzea izango zen bat, ibilgailu elektrikoa kargatzea merkeago izan dadin. Horrez gain barne-konbustioko motorra duten ibilgailuek ez dituzten abantailak eskaintzea izango zen beste neurri bat, hirietara sarrera debekatuz edo zergak igoz diesel eta gasolinazko motorrei. Europar Batasunak etorkizunean hirietako erdialdetan kutsadura murrizteko asmoz gasolinako ibilgailuak debekatzeko asmoa agertu du eta soilik ibilgailu elektrikoei utziko liokete hirietako erdialdeetan ibiltzen. Horretarako bi arazo konpondu beharko dituzte, lehenengoa autoen prezioa da eta bigarrena non kargatu gure ibilgailua. Zenbat eta ibilgailu elektriko gehiago saldu merkeagoak izango dira eta orduan karga puntuak ugaldu egingo dira. Hirietan ibiltzeko arazoak jartzen badizkigute zertarako behar dugu gasolinako kotxe bat?

Ford gaman %16 eskeintzak

Osteguna, Maiatza 6th, 2010 | Santik idatzia

01353

Maiatzean Ford markak ez die BEZ zergarik kobratuko bezeroei beraz gama osoan %16-eko eskeintza dago. Hau benetako eskeintza bat da, ez edizio berezi bat edo eskeintza puntual bat, gamako edozein modelotan aurreztuko dugu dirua, modelorik merkeenetik hasi eta garestienerarte, Focus RS modeloa kanpo. Autoak zenbat eta gehiago balio orduan eta eskeintza haundiagoa dauka, adibidez 10.000 euro balio dituen modelo bat 1.600 euro merkeago erosiko dugu, 20.000 euroko balioa duenean 3.200 eta 40.000 balio baditu berriz 6.400 euro.

Askok uste dute benetan beharrezkoak direla gobernuaren diru laguntzak autoak saltzen jarraitzeko baina neu pertsonalki gero eta konbentzituago nago laguntzarik ez balego izugarrizko prezio gerratea sortuko litzatekeela marken artean eta prezioak orokorrean nabarmen egingo lutekeela behera. Auto munduan ere espekulazio asko dago edo begiratu bestela nola igo diren prezioak adibidez 4 metro inguruko konpaktuetan, marka askok irabazi tarte haundiak dauzkate oraindik. Ea marka gehiagok jarraitzen duten amerrikarrek izan duten moduko ideiekin.

Geely-k Volvo erosi du

Larunbata, Apirila 24th, 2010 | Urkok idatzia

01284

Ford-ek 1.800 milioi dolarrengatik Volvo-ren akzioen %100 salduko dio Geely auto egile txinatarrari eta hurrengo urteetan motorrak eskaintzen jarraituko du Ford-ek. Prezio handia ote den jakitea ez da erraza Ford-ek 1.999. urtean 6.450 milioi dolar ordaindu bai zituen Volvo erosteagatik baina txinatarrek hurrengo hamabi hilabeteetan Volvoren bizirautea ziurtatu ahal izateko beste 1.400 milioi dolar gastatu beharko ditu. Batzuentzat garestia dena besteentzat merkea izan daiteke baina argi dagoena da tratu honekin alde guztiek zerbait irabazten dutela. Amerikarrek dirua behar dute, eta asko gainera, eta dirurik ezin denean lortu irtenbidea gastuak kentzea izaten da eta Volvo bizirik mantentzea garestia da. Tratu honi esker Ford etxea auto marka batekin gelditzeko bidean doa eta Geely txinatarrak Europar Batasuneko merkatuan sartzea lortzen du.

Geely-k esan duenaren arabera ez du langilerik kalera bidaltzeko asmorik eta Volvok Suedian eta Belgikan dituen lantokiak irekita mantenduko ditu. Horrez gain, Txinan urtean 300.000 auto egin ditzakeen lantoki bat irekiko du. Zuzendaritza berriaren asmoa Europako lantokietako produkzioa bertan gelditzea litzateke eta Txinan egindako autoak Txinan salduko lirateke. Esan beharra dago Suedian sinatu zen akordioak oraindik ez duela gobernuen onarpen ofiziala lortu baina kontuan izaten badugu tratua sinatu zenean Txinako presidente-ordea bertan zegoela pentsa liteke ez dela inolako arazorik izango, hala ere, akordio honek udazkenerako gobernuen onarpen ofizialak jasoko dituela aurreikusten da.

Baina ez bildurtu, Volvo marka txinatarra izateak ez du esan nahi kalitate baxuagoko autoak egingo dituztela, Volvok independientea izaten jarraituko du eta bere productu propioak garatuko ditu.

Hummer marka itxi dute

Larunbata, Apirila 3rd, 2010 | Urkok idatzia

01196

General Motors (GM) Hummer marka saldu nahian ibili da azken hilabeteetan, hainbat eskeintza jaso ondoren arrazoi batengatik edo besteagatik azkenean ez du lortu akordiorik inorekin. Amerikarrek diru arazo handiak dituzte eta errentagarriak ez diren markak saldu edo itxi nahian dabiltza. Orain aste gutxi Tengzhong txinatarrek erosiko zutela zirudien baina gobernu txinatarraren ezezkoaren ondorioz tratua bertan behera gelditu zen, 150 milioi dolar eskaini ondoren. GM-ek txinatarrenaz gain beste eskaintza batzuk jaso zituen, batzuk besteak baino serioagoak. Dirudienez aztertu dituzten eskaintza berrietan erosleek interes gehiago dute lantegietan eta amerikarren teknologian Hummer markaren bizirautean baino.

Hummea autoak 4×4 erraldoiak dira, luxuzko prezioak, motor haundiak eta bildurtzeko kontsumoak beraien motorretan. Oker ez banago merkatuko CO2 emisiorik altuenetakoak dituzte. Gainera azken urteetan ez dituzte modeloak gehiegi eraldatu eta azkenean erosleak aspertu egin direla dirudi auto hauekin. Kontuan izan behar dugu azken asteetan Hummer autoen produkzioa geldirik egon dela eta hala ere ez dituztela biltegiak ustea lortu.

Gainera, hurrengo hilabeteetan Estatu Batuetako armadak Hummer autoak berriago batzuengatik ordezkatzeko asmoa azaldu du eta kontratu hori galtzen badu Hummer markaren errentagarritasuna kolokan jarriko da. Gogoratu haseran Hummer modeloak erabilpen militarra bakarrik zeukatela eta geroago hasi zirela jende arruntari saltzen. Hori bai, GM-ek Hummer ixtean legeak bi urtean zehar eroslek duten bermea betetzera behartzen du eta beharrezkoak diren ordezko piezak saltzera. Alde ona, bat badu, Hummer modeloen balioa igo egingo dela da urte batzuk igarotzean, bilduma edo auto klasiko bihurtuko bai dira.

Lehenengoak Saturn eta Pontiac markak izan ziren eta orain Hummer gehituko da desagertutako autogileen zerrendara.