Porsche markak arrunta ez den estrategia erabili du oraingoan 918 hibridoaren datuak erakusteko. Badakizue marka gehienak arazoekin ibiltzen direla zurrumurru eta argazki espiekin, denek nobedadeak ezkutuan gordetzea nahi izaten dituzte baina ia beti filtrazioak egoten dira komunikabideetan aurkezpenak izurratuz. Horrela Porschek zuzenean probatzen ari diren prototipoaren argazki ofizialak kaleratu ditu kamuflaje eta guzti, interneten dagoen jakingura asetzeko. Kanpotik baliteke oraindik diseinua pixkat aldatzea baina mekanika definitiboa dela dirudi.
Zehazki 570 zaldi ateratzen dituen 4.6 litroko V8 gasolina motorra ekipatuko du eta ardatz bakoitzari loturik bi motor elektriko edukiko ditu, bata aurreko gurpilletan eta bestea atzekoetan. 3 motorrak batera lanean dabiltzanean 770 zaldiko potentzia izango du deportibo alemaniarrak. Suposatzen da 4×4 trakzio sistemaren lana egingo dutela motor elektrikoek eta bataz bestekoak 3 litrokoak dira 100 kilometroan, sekulakoa benetan. Bateriak kargatzea posible izango da eta elektrizitatearekin soilik mugituz 25 kilometroko autonomia dauka. Prestazioak ez dituzte baieztatu baina 3 segundo azpitik azeleratuko luke 100 km/ordura eta abiadura maximoa berriz 300 km/ordutik gorakoa izango litzateke.
Deportiboak egiten dituzten markak beti kexatzen dira Euro6 bezalako kutsadura legediak betetzea ezinezkoa dela beraientzat baina hemen ikusten da nahi dutenean auto eraginkorrak garatzeko gai direla. Prezioa ordea 767.500 euroraino igoko omen da zergak gehitu ondoren, pezetatan 127 milio baino gehiago.
























